Mulukukuko “María Luisa Ortiz” emakumeen elkarte kooperatiboa (RAAN) 1988an osatu zen, Juana hurakanak zonaldea kolpatu ostean. Nikaraguako zonalde txiroenetakoa den honek, gainera, urtetan gatazka armatuaren eraginak pairatu izan ditu. Egoera honetan, Nikaragua osoko emakume-mugimendu indartsuenetakoa osatu eta garatu da. Komunitatearen garapena sustatu duen mugimendua da hau, berreraikitzen amaitutakoan osasungintza, hezkuntza eta generobortxakeriaren kontrako borrokari ekin diona. Elkartearen historiak, haren garapen, zailtasun eta lorpenek Nikaraguaren azken 30 urteotako historia islatzen dute nolabait. Halaber, zailtasunak zailtasun, txirotasunaren begizta apurtu daitekeen erakusgarri da, hala ahalegin propioz, nola ezinbesteko lankidetza solidarioz. Ekimen hau elkarteko emakumeen desioek sortu dute, 25 urte luzez jorratzen diharduten bidea kontatu eta beren historia eurek interpretatzeko nahia erakutsi baitzuten.